viernes, 22 de abril de 2011

04. AJURIA-ESNEA 2.0


ESPAZIO PUBLIKOA

0. ABIAPUNTUA

Ajuriako auzoan egin beharreko eskuhartzeari ekiteko, azken aurre ematean garatutako programaren hariari heldu diogu. Bigarren proiektuan garatutako Kooperatibaren irudia berreskuratu dugu, haren helburu nagusiak finkatuz: tokiko ekonomia, ondarea eta bizi kalitatea bermatzea.

Zerrenda labur honen azken arloan garatutakoa osatzen saiatu gara, hura izan baita auzoko espazio publikoaren ordenazioaren abiapuntu nagusia. Batetik, garraio publikoaren erabilera bultzatu nahi dugu. Kooperatibaren parte diren inguruko multzoak bildu eta Urdaibaiko puntu nagusietara bideratu. Bestetik, atez ateko zerbitzua osatzeko erabaki hartu dugu. Helburua, gutxieneko behar horiek bermatzea: zabor bilketa, janari banaketa, medikua, gasolina... Modu honetan, Kooperatibaren parte diren auzo guztien ongizatea bermatzeaz gain, autoaren erabilera mugatuko genuke. Hura izango zen gure asmo nagusietako bat. Modu honetan, herritarren arteko harremana eta elkarlana berpiztuko duten atariak berreskuratuko genituzke, haren berezko irudia, izaera.

1. ASMOAK

Hura da, beraz, gure asmo nagusietako bat, herritarren arteko harreman estua bultzatzea. Elkarlana, elkarbizitza, kolektiboa. Lortzeko bidea Ajuriako kale nagusiaren bizitasuna berreskuratzea. Proposamenaren gakoa, baserri bakoitzaren atarietan legoke. Aurretik aipatutako helburuak erdiesteko, ezinbestekoa ikusten dugu kalea eta atariek bat egitea. Kolektibo osoaren parte izango den trama jarrai bakarra osatu, bertan ekintza guztiak bilduz: aisialdiko ekintza oro, auzoaren ekonomiaren oinarri diren behien ibilbidea, bigarren mailako lanbideak edo bestelako zaletasunak (baratza, hileroko azokak...), turismoa... Honakoak lortzeko azalera antolatu beharra dago.

2. ESKUHARTZEA. URRATSAK


      A. Kale nagusiaren traza eta baserrien egungo atarien identifikazioa.

      B. Kalea eta atarien arteko mugak, oztopoak ezabatu. Multzo bakarra.

      C. Eremua, kalea aktibatzeko azalerak topatu.

            C1. Ostatuak edo guztiz eraberritzeko baserriak

           -01/02 – Muruetatik etorritako ikasleen etxea. Behe oina hustu, kolektiboaren esku utzi.  
  
            -04 – Kanpotik etorritako familien etxebizitza kolektiboa. Gehienez 4 familia, gutxienez 2. Behe oina hustu, kolektiboaren esku utzi.
              
           -10 – Kanpotik etorritako familien etxebizitza kolektiboa. Gehienez 2 familia, gutxienez 1. Behe oina hustu,kolektiboaren esku utzi.                    
       
            C2. Lantegia

            -Berriztatu. Herritar guztien eskutan.

            C3. Ekipamendua

            -Ajuriako biztanleek eskura ez dituzten beharrak bildu: Internet, biltzeko leku formala,turismo-Kooperatibaren inguruko informazioa eskuratzeko txokoa...     
                
            -Eliza, frontoia eta txokoaren inguruan ezarri. Behe oina hustu, kolektiboaren esku utzi.   

            C4. Biztanle pasiboen etxebizitzak

            -Pasibo izateak, behe oinaren azaleraren %30a kolektiboaren esku uztea eragingo du. Biztanle horien menpe dauden biltegien azalerak ere zenbatestuko dira.

            -Biztanle pasiboak: 06, 09, 11. Aiton-amonak edo Ajuriatik kanpo beste lanbide bat duten biztanleak.                    
            C5. Erabilera oso puntuala duten etxebizitzen birplanteaketa (13 eta  14 baserriak)

             -Asteburu batzuetan besterik ez dira okupatzen.

             -13: Baserria saldu, biztanle aktiboen esku utzi.

            -14: Kanpotik egonaldi oso laburretarako datorren jendearentzako ostatu kolektiboa. Alberge izaera. Behe oina hustu, kolektiboaren esku utzi.

      D. Kolektiboaren esku uztitako azalera horiei eremua aktibatzeko erabilerak esleitu.

            D1. Biltegiak + azoka

            -01/02 eta 04: Lantegiarekiko gertutasunagatik lanerako tresneria edota makinaria gordetzeko biltegi moduan erabiliko dira baserri horietako behe oinak. Behe oinean hiru eraikin horien arteko erlazioa isladatuko da.

            -10: Kale nagusiaren erdian egonik, hileroko azoka edo asteroko janari banaketa egiteko leku aproposa dela uste dugu.

            D2. Kale nagusia autoz ez kutsatzeko amankomuneko aparkalekua egiteko azalera behar da. Ekipamenduaren behe oina hura antolatzeko leku aproposa dela uste dugu.Herriaren sarreran kokatzea erabaki dugu, eliza, frontoia eta txokoak osatutako multzoarekin bat eginez. Azalera nahikoa dugu, etxebizitzako auto bat bertan aparkatzeko; baita kanpotik datorren jendeak kotxea bertan uzteko ere.

            D3. Biztanle pasiboek utzitako azaleren gehiengoa biltegiei dagokite. Hauek, kale nagusiarekin lotu, eta lan edo aisialdiko ekintzetarako biltegi kolektibo moduan erabiltzea pentsatu dugu.

            D4. 14 baserria, egonaldi laburretarako albergearen behe oina espazio amankomun bilakatuko da, kalearen parte den gune estalia.

      E. Tartean gelditzen diren orube berdeak BARATZA KOLEKTIBO bilakatu.

      F. Mendirako bideak, loturak ezarri.

     G. Kale nagusiaren atondura. Kale-atari multzoari trataera berdina eman nahi diogu. Oraindik argi ez badugu ere, zenbait pabimentu aztertzen hasi gara dagoeneko. Lajaz osatutakoa esaterako gustoko dugu, tartean begetazioa sartu eta ingurauarekin bat egiteko. Kalean zeharreko altzarien diseinua egiten ere hasi gara. Asmoa, gutxieneko behar horiek (iluminazioa, eserlekuak...) biltzen dituen elementu jarraia osatzea da. Honek kale nagusiko puntu nagusienak biltzea izango zuen helburu, atari eta azalera komunetan haren protagonismoa handituz. Azken planoan haren gutxi gora beherako traza marraztu dugu. Dena den ez dugu gehiago definitzeko astirik izan. Intentzioa pabimentua eta altzaria aldi berean garatzea da, guztia osotasun batean lantzeko.

*Hemen aipatutako etxebizitzen izendapena aurreko blogerako sarreran (fitxetan) zehazten dira.



IKASLE ETXEAREN BIRGAITZEA

Espazio publikoaz gain, ikasle etxea ere garatzen hasi gara. Asmoa, berritu beharreko beste ostatuentzako baliagarria izan daitekeen sistema sortzea da. Baita urtean zehar bertako bizilagunen kopuruan emango diren aldaketak xurgatzeko gai den mekanismoa asmatzea ere.

Eraikinaren egungo egoera kaxkarra da oso. Bertako berme elementuetaz baliatzea ezinezkoa da.Horretaz gain, tipología berdineko baserri asko bezala leiho eta irekiune oso gutxi ditu, guztiak fatxada nagusian biltzen direlarik. Beraz, ideia, inguratzailea mantendu, egonkortu, eta barruan bizitokia sortzea da. Bizitokiak ez zuen behe oin guztia hartuko. Gogora dezagun, azalera hura lantegiarekin lotu, eta tresneria eta makinaria gordetzeko biltegi moduan planteatzen zela aurreko urratsean.

Bizitokiak azalera horretan hartzen duen posizioak berebiziko garrantzia du. Hura lantzen saiatu gara, inguratzailearen eta elementu berriaren artean sortzen diren espazioak zentzuzko erabilera bat izan dezaten.

Barnealdeari dagokionez, bi maila nagusi desberdindu ditugu. Behe oinak erabilera kolektiboak bilduko lituzke: jangela, sukaldea, egongela (izaera desberdineko espazioak sortzeko aukera). Goiko solairuan, aldiz, espazio pribatu (logelak) eta publikoak (egongelak) uztartuko lirateke. Goikaldeko oina antolatzeko orduan, urtean zehar jasan ditzakeen aldaketak kontuan hartzen ahalegindu gara. Urteko sasoi jakin batzuetan 8 ikasle hartzeko gai izango da. Urtean zehar aldiz, 4 ikasle besterik ez ditu bilduko. Beraz, gure helburu nagusia, eraikinak aldaketa horiek xurgatzeko gai izatea da.

Bestelako eragileak ere kontuan hartzen hasi gara, hala nola, argiztapena, fatxaden trataera, estalkiarekiko harremana, egitura... 

lunes, 28 de marzo de 2011

lunes, 14 de marzo de 2011

04. MARTXAN JADA...

...PAUSE...

Madrilen izan gara “Tailerra: Proiektuaren eraikuntza II” hautazko irakasgaian antolatutako bidaian. Martxan zeuden zenbait obra bisitatzeaz gain, hiriko eraikin esanguratsuenak ere ezagutu ditugu. Aurretik bertan egona nintzen arren, ez nuen Caixa Forum-eko eraikina errotik ezagutzen. Txangoa egin aurretik interes gehien piztu zidan eraikina; baita bisitatu ostean gehien asetu ninduena ere.

Aurretik zentral elektriko baten funtzioak betetzen zituen. Eraikin zaharreko bizkarrezurra mantendu egiten da, muturretan aldaketak eraginez. Basaren desagerpenak grabitate ezaren sentsazioaren agerpena eragiten du, baita eraikin historiko ororen ordenazioaren ideia orokorrari buelta ematea ere. Azpian azaltzen zaizkigun multzo egituralak ez dira lehen begirada batean antzematen. Goikaldean, aldiz, elementu trinkoago bat eransten zaio. Korten altzairua dugu haren buru nagusia. Bukaera aldean, zulatutako xaflak erabiltzen dira, modu batean eraikinaren amaia, degradazio prozesua adierazten dutenak. Aurretik aipatutako gorputz nagusian, eraikinaren jatorrizko konposizioa mantendu egiten da, bertan zenbait aldaera proposatzen badira ere. Aldez aurreko hutsarteak, antzineko adreilu eta trabatze teknika berberaz estali egiten dira, horman zehar zulo berriak proposatuz. Betiere oso modu kontrolatuan, hormaren egiteko nagusiari kalte egin gabe. Barneko espazioari dagokionez, azalera handitu egiten da, funtzio, testura, ezaugarri, izaera desberdineko hamaika gune eratuz.

Lekutzearen inguruko ohar batzuk plazaratzea interesgarria iruditzen zait. Prado pasealekuan zeharreko ibilbidearen geldiuneetako bat dugu, haren inguruan eratutako eraikin esanguratsuen sarearen beste ertzetako bat. Bestalde, aurrean duen eraikinaren ertzeko horman, pareta begetal bertikal bat eransten da. Ura eta elikagarri nagusi batzuk besterik ez ditu behar bizirauteko. Bisitariaren arreta eraikin berriaren fatxada nagusira bideratzea du helburu. Bere asmoa modu egokian betetzen duela esan dezakegu: horma itzel horren itxura ahuldu eta protagonismo osoa Caixa Forumen esku utzi. Halere, horma begetalak eraikin barnean duen eragina aztertu beharko litzateke. Aurreko plazak eta honen inguruko “altzariak” atari moduan funtzionatzen dute. Triangeluazio prozesu baten bidez konposatu egiten dira, eraikineko barne eta kanpoko beste hainbat elementu bezalaxe. Baliabide oso erabilia, beraz, proiektu osoan. Eskuhartzeak orokorrean, inguruaren arnastea eragiten duela esan dezakegu.

Esan beharra dago, legediak, aintzineko eraikina mantentzea derrigortzen zuela. Dudarik gabe, Herzog eta de Meuronek maisuki egiten dute egungo eskakizunak asetzeko eraikin historikoaren transformazioa. Aintzineko eta egungo elementu, konposizio eta materialen arteko uztarketa. Jarraitu beharreko obra.



lunes, 7 de marzo de 2011

03. HARROBIA PIZTU. AKTIBATU. laburpen panela





Goikaldean, ariketaren laburpen panela dugu. Ondorengo lerroetan, hitzen bidezko sintesia:

>Helburua. Honako proiektuaren asmoa egungo gabezia nagusiari irtenbidea bilatzea da, harrobian zeharreko mugikortasuna bermatzea. Honetaz gain, proiektuari beste funtzio piztaile bat eransten zaio; Andrabideko harrobia aktibatuko duen eragilea. Beste zenbait harrobietan museoa azaltzen zaigu aktibatzaile moduan. Kasu honetan museoa eraikin bilakatu ordez, harrobiak berak hartzen du beregan funtzio hori. Hau da, aire libreko museoa planteatzen da. Harriak duen potentzial plastikoa agerikoa da; baita artista desberdinen lana eta harrobiko irudien arteko antzekotasunak ere. Modu honetan, Ereñoko harrobiari, zentzua berreskuratzeko aukera eskaintzen zaio.

>Programa. Proiektuak eguneroko bizitza ahalbidetuko duten elementuez gain, zenbait unetan emango den jende pilaketa ahalbidetuko duten gailuak hartuko ditu beregain. Beraz, nolabaiteko malgutasuna izango duen elementu finko bat.

>Estrategia. Finkoa den elementua eta malgutasuna eskainiko dioten gailuak, gorputz bakar batean biltzeko erabakia hartzen dut. Hau da eguneroko bizimodua eta une puntualetako pilaketa elementu bakar batean bilduko dira. Proiektu transformagarri batera abiatzen naiz, lehen aipaturiko tarte horietan "mutazio" prozesu bat jasango duena.

>Egituraketa. Gorputza diseinatu aurretik, hark beregain hartuko dituen edukiak definitu behar dira. Mugikortasuna bermatzeaz gain, oinarrizko zenbait egoerei aurre egiteko gai izan behar da, halanola eguraldiaren gorabeherak. Gainera, ibilbidean zehar, hura aberasten duten beste zenbait "input" erantsi dizkiot proiektuari. Aukera desberdinak eskaini, hamaika egoera bildu eraikuntza bakar batean.

>Lekutzea. Proiektua gai izan behar da bertako orografiari aurre egiteko. Ardatz nagusian zeharreko elementua irudikatzen da, bertako horma nagusia aktibatzeko gai dena. Honen ezaugarrien arabera, harekiko erlazioa modu batean edo bestean emango da. Plataforma nagusia eta erdibideko zuloari aurpegia ematen dioten horma lauak, egokiak dira artisten lana plazaratzeko. Baita ekitaldiak biltzeko ere. Bertan beraz, ezartzen dira plataforma mugikorrak. Harrobira edo ikuslegora hurbiltzeko aukera ematen dutenak. Erdibidean, hormaren maklak direla eta, harrobia eta proiektuaren arteko sinbiosia bilatzen da. Honek egoera desberdinak biltzeko aukera emango digu. Bestalde, inguruko plataformak proiektuaren osagarri bilakatzen dira.

>Eraikuntza. Proiektuak egoera guzti horiek gorputz bakar batean biltzeko aukera eman behar du. Egurrezko egitura sinple batetik abiatzen naiz. Dimentsio desberdinetako hiru modulu eratzen dira, eraikuntza prozesua azkartu eta halako malgutasun minimo bat eskainiz. Zutabeek mugatuko dituzte modulu horiek. Haien arteko espazioan habexka nagusiak ezarriko dira. Horien kokapenean egongo da arrakastaren gakoa. Habexken arteko tarte minimo horiek, oholtzak altuera desberdinetan ezartzeko aukera emango digu. Modu honetan, egungo plataformen arteko maila aldaketei aurre egingo diegu. Honetaz gain, habexka horiek aurretik definitutako egoera desberdin guztiak elementu jarrai bakar batean biltzeko gaitasuna eskainiko digute.



>Sintesia. Egoera desberdinak biltzeko gai den proiektu transfomagarri honek bi erabiltzaile mota izango ditu. Batetik, erabiltzaile soila, harrobian zeharreko mugikortasuna bakarrik bilatuko duena; bestetik, erabiltzaile totala, aktiboa, proposatutako eraikuntza sistemari esker esperientzia, egoera desberdin guzti horiek bizitzeko aukera izango duena.

03. HARROBIA PIZTU. AKTIBATU. ibilbidea.

Azken aste hauetan ez dut astirik izan blogean 3. proiektu honen jarraipena egiteko. Halere, azken emaitzaren atzean dagoen lana bidu dut honako irudian. Amaierako panelean antzeman daitezkeen ideien bozetoak dira, proiektuak izan duen garapenaren isla. Ariketaren sintesia.

03. HARROBIA PIZTU. AKTIBATU