lunes, 20 de diciembre de 2010

AURRE EMATEA. BASERRIRA BIDEAN.








>Baserriaren berpiztera bideratutako kooperatiba osatzen dugu, zentrua Muruetan izango duena. Baserriko bizimodua erakusteaz gain, hura berreraikitzeko artezpideak ematen dira. Bizitza autosufizientea sustatu, baserria gaur egunera ekarriaz.

>Multzo oso bat izan behar du Muruetan eraikiko dena. Inguruko baldintzei aurre egiteko gai dena, egoera desberdinetara egokitzeko, kokapenera hurbiltzeko, gaitasuna duena. Multzo malgu bat azken batean.

>Orubea eraikigarri egiteko egurrezko tabloiez osatutako plataforma osatzen dut, lurzorutik altxatuz, babestuz. Edukiontziak ere plataformatik aldentzen dira, berme metalikoak era berean lurzorura eramanez.

>Proiektua bere osotasunean biltzeko, baratzak eta materialen ekoizpenerako azalerak antolatzen dute eremua. Horren inguruko ibilbidea osatzen da. Muruetan egiten den lan hori erakustea da asmoa. Erabilera desberdinak nahastu baratza eta materialen ekoizpena gidalerro izanik. Gunea bildu.

>ISO edukiontzi tradizionaletatik abiatutako LOT-EK arkitektoen MDU eredua hartu dut oinarri moduan, horren interpretazio bat eginez. Bertatik irtendako gelaxkek erabilera desberdinak bildu eta orubera egokitzeko aukera ematen didate. Malgutasuna azken batean.

domingo, 12 de diciembre de 2010

2. BIO-ERAIKUNTZA MURUETAN. EGITURAKETA.


Behin abiapuntua ezarrita, proiektuaren norabidea finkatzen hasteko unea da. Programaren interpretazio sakonagoa egin, lekuaren faktore desberdinak aztertu, malgutasunaren kontzeptua landu.

Haseran, orain arteko informazioa bildu eta programaren barneko funtzio desberdinen arteko erlazioak ezartzen ahalegindu naiz. Egitarau zabala da, anitza, izaera oso desberdineko nukleoez osatutakoa. Batzuk erabat itxiak, besteak publikoak. Badira inguruarekin erlazioa beharrezkoa dutenak; baita gainontzekoekin behin-behineko lotura nabarmenik ez dutenak ere. Lehen lana, horiek bilatzea izan da, gerora proiektuaren antolaketan baliagarria izan daitezkeen erlazio diagramak sortzea. Honek ere proiektu osoaren lehen irudia bat ematen lagundu dit. Argi dago, programa anitza izan arren, nukleo guztien arteko erlazioa ezartzea ezinbestekoa dela, sortuko dugun kooperatibaren zentrua izango dena, proiektu bakar baten moduan ulertzeko, barne funtzionamendua errazteko. Lekuarekiko hurbilketan helburu horretarako bidea aurki dezaket.




Proiektuak aldi baterako epea badu ere, ezinbestekoa da inguruan eragina duten faktoreetaz ohartzea. Bertan eraikitzeko, lekura egokitzeko, baldintza egokienak bildu behar ditut. Inguruko eragileen artean, bada menperatu beharreko bat: ura, edo zehatzago, azalera horren drenaia. Ramon Ayerzak emandako eskolan hura azpimarratu zuen. Orubearen ezaugarriak ezagututa, ezinbestekoa da lurzoruaren drenaia bermatzea proiektua aurrera eramateko. Drenaia sistema sostengagarrien inguruko informazioa biltzen ahalegindu naiz, eta badira beste bide batzuk sistema tradizionaletatik at. Helburua, ura iparralderuntz eramatea litzateke. Orubean zeharreko ubideetan biltzea soluzio bat litzateke, ibaiarekin konexioa iparraldeko aldean eginez. Ur hori baratzen erabilererarako biltzeko aukera aztertu beharko litzateke. Halere, ur gaziaren barneko kanaletararako sarrera ekidin beharko genuke, honek ez baitu lursaila ureztatzeko balio. Ubide horiek proiektuko zenbait nukleo hornitzeaz gain, eremua antolatzeko tresna bat ere izan daiteke.



Halere, malgutasunaren inguruko hausnarketa izan da nire egiteko nagusia. Kontzeptuaren esanahia argitu, interpretatu, proiektu honetan izan dezakeen aplikazio maila aztertu, eredu desberdinak topatu.

Malgutasunak, erabiltzaile ezberdinetarako egokitzapenean lagundu dezake. Bidea honakoa izan daiteke: azpiegitura finkoa, egitura iraunkor eta aldagarria, aldatzeko erraztasuna duen estaldura eta barne tabikeria mugikorra. Honela inguruarekin erlazionatzeko gaitasuna duen arkitektura lortzen da, erabilera eta erabiltzailean aldaketa garrantzitsuak onartzen dituena. Hori da zehazki, nire proiektuan bilatu beharrekoa. Izaera aldatzeko aukera ematen duen arkitektura, atzeragarria, programaren barneko aldaketak jasateko gai dena. Aldagarria eta aldaerraza, erabilera desberdinak biltzeko gai. Inguruarekin erlazioa ezartzeko gauza izan behar da.






Azken adibide honek ezaugarri horiek biltzen ditu. LOT-EK enpresak, garraiorako ISO edukiontzi tradizionala arkitekturara eramaten du. Modulu prefabrikatuak dira, lekura eramatean gelaxkak kanpora atera eta erdigunea libre uzten dutenak. Programako funtzioen arteko konbinaketa ezberdinak bilatzen hasi naiz; baita beste adibideetako mekanismoek izan dezaketen aplikazioa neurtzen ere.




Helburua, ahalik eta eraikin malguena lortzea da, programaren eskakizunak bete eta inguru desberdinetara egokitzeko gaitasuna izateko.

sábado, 11 de diciembre de 2010

1. BIO-ERAIKUNTZA MURUETAN. INKESTA.

Blogerako azken sarreran aipatu bezala, programaren finkatze prozesuan, baserriaren inguruko galdeketa egin genuen. Helburua, proposamenak izango lukeen harrera neurtzea zen. Egiazko proiektua izan zitekeen edo ez jakitea. Inkestako emaitza eta ondorioak baliagarriak izango dira proiektuaren programa eta egituraketa prozesuan. Kurtsoko azken ariketarako ere informazio interesgarria izan daiteke.

Honakoak dira inkestako emaitza nagusiak:

1. Erosotasuna, ekonmia eta lana dira, jendearen ustez, baserritik herrirako bidea egiteko arrazoi nagusiak.

2. Baserrira bizitzeko arrazoi nagusiak lasaitasuna eta naturarekiko erlazioa dira. Beste askok aldiz ez dute inolako argudiorik topatzen.

3. Galdeketa egindakoen %46a baserrira bizitzera joatea begi onez ikusiko lukete. Beste %54ak, aldiz, ez. Emaitza parekatuak beraz.

4. Baserriak egungo bizimodura egokizteko hiriko baliabideak, irisgarritasun egokia, teknologia berriak eta hiriarekiko gertutasuna beharko luke.

5. Baserria hitz bakarrarekin identifikatzerakoan kontzeptu asko agertu dira, baina badira behin eta berriro errepikatu direnak: lana, natura, lasaitasuna eta tradizioa.



sábado, 4 de diciembre de 2010

1. BIO-ERAIKUNTZA MURUETAN. OINARRIA.

Beste ezer egiten hasi aurretik, proiektu honen euskarriak definitu ditugu. Hasierako asmoen artean bertako kultura, tradizioa berreskuratzea azaldu zaigu; hura egungo material, teknika, egoera, aurrerakuntzekin uztartu. Honako proposamena zehaztu, afinatzeko beharra sentitu dugu. Orduan azaldu zaigu baserriaren irudia. Hura dugu gure kultura horren adierazle. Aztertu, berreskuratu, berreraiki, gaur egungo erabileretara egokitu, sustatu. Gure lana norabide horretan bideratu dugu.

Baserriaren berpizte prozesua da gure proiektua sortzeko arrazoia. Planteamendu orokorraren sintesia honakoa litzateke:

A.- Hautaketa. Baserria, gure kulturaren adierazle nagusietarikoa.

B.- Baserriaren inguruko ezagutza zabaldu. Eraikuntza (materialak), bertako bizimodua.

C.- Inguruko baserriak aurkitu. Horien egoera aztertu, eraberritu.

D.- Kooperatibaren sorrera. XXI. mendera ekarri baserria. Bizitza autosufizienterako, bizirauteko aukera berri bat plazaratzen dugu. Inguruko baserri guztiek halako kate bat osatuko lukete. Kooperatiba horrek Muruetako teileriaren orubean izango luke zentrua. Bertan, baserriaren inguruko ezagutzak zabaltzeaz gain, kooperatiba horren funtzionamendurako gestioak emango lirateke. Honakoa hasiera beterik ez litzateke izango. Hau da, nukleo nagusia Muruetan egon arren, gerora, inguruko beste zenbait guneetara zabaltzeko aukera izango genuke, material zehatzen inguruko espezializazioa aurrera eramateko...

Planteamenduaren garapen prozesuan, jendearen iritzia jakin nahi izan dugu, proposamenak izango lukeen harrera maila neurtzeko. Proiektuaren egituratze prozesuan baliagarriak izango direlakoan, inkesta horien emaitzak bildu eta aztertu ditugu.

Behin planteamendu orokorraren oinarriak ezarrita, kooperatibaren zentruaren programa finkatu dugu. Honako alderdiak landuko lirateke bertan:

1.- BASERRIA. NOLA ERAIKI?
Zer? Teknikak, materialak…eraikuntza azken batean. Gaur egungo gizarte ereduetarako egokitzapena ere landuko litzateke.
Non? Teoria gelak, tailerrak (praktikarako tailerrak, materialen ekoizpenerako tailerrak).

2.- BASERRIA. NOLA BIZI?
Zer? Baserriko produkzioa aurrera eramateko baliabideak. Autosufizientzia.
Non? Teoria gelak, baratzak (estalita, estali gabe), inbernaderoak.

3.- KULTURA / PROPAGANDA.
Zer? Kooperatiba sustatu, ezagutarazi, zabaldu.
Non? Erakusketa aretoak, hitzaldiak emateko guneak, azoka, jatetxea… tren geltokia (irisgarritasuna).

4.- BILTEGIAK.
Zer? Materiala, lanabesak, produktuak gordetzeko espazioak.
Non? Gordetzen denaren araberako izaera eta baldintza desberdinetako biltegiak.

5.- GESTIOA.
Zer? Kooperatiba eta honen inguruko ekintzak aurrera
Non? Bulegoak (irakasleak, bulegoak, garraioa, harrera, ekonomia, mantenimendua…).

6.- ELEMENTUEN GARRAIOA. TRENA / URETAN ZEHAR.

7.- ZERBITZU AMANKOMUNAK.

Honako planteamendua, kultura, balore tradizionalak berreskuratzeaz gain, egungo egoerarako irtenbide serio bat dela uste dugu. Baserriari beste buelta eman nahi zaio, gaur egungo erabilera, egitura, egoera, bizimoduetara egokitu.



Asmo guzti hauek paperean irudikatzen hasteko garaia iritsi zaigu.