Proiektuaren izaera eta egindako planoak ikusita, ezin izan dut bertikalean konposatu orria. Egungo konposaketak ez zuen zentzurik izango bertikalean kokatuta, eta erdiko perspektibaren tamaina nabarmenki murriztuko litzateke, proiektuaren ulermena oztopatuz. Beraz, egokiagoa ikusi dut formatua mantendu eta kajetina azpian txertatzea.
martes, 31 de mayo de 2011
04. AJURIA - ERAKUSKETA
Goikaldeko irudia, erakusketarako panelari dagokio. Publikaziorako, aldiz, zenbait aldaketa egin ditugu. Publikazioko orrialde-formatua txikiagoa izango da; hori dela eta, zenbait ukitu eman behar izan dizkiogu. Hemen azpian, publikaziorako irudia:
sábado, 28 de mayo de 2011
04. AJURIA-ESNEA... pausoz pauso
Goikaldean ariketa laburtzeko panela dugu. Hurrengo lerroetan, proposamenaren hitzen bidezko sintesia:
0.HELBURUAK
Honako proiektuan, ikasturteko bigarren ariketan Muruetan sortutako Kooperatibaren irudia berreskuratu dugu. Ajuria haren parte izango litzateke, interesa duten inguruko beste auzo eta herrixkak bezalaxe. Modu honetan, lan-talde desberdinak sortuko lirateke multzo handi horren barruan. Ondorengo lerroetan, Ajuriako lan-taldean emandakoa zehaztuko dugu:
A.-Tokiko ekonomia
Bertako historia, tradizioa jarraiki, Ajuriako lan-taldearen tokiko ekonomia behi-esnearen produkzioan oinarrituko da. Honakoak, haren partaideak:
·Aktiboak. Batetik, gaur egungo baserritarrak, lana eta lurra eskaintzen dutenak. Bestetik, lana soilik eskaintzen dutenak. Azken hauek, Muruetako eskolatik datozenak izango dira, denboraldi batez bertan lanean egongo direnak.
·Pasiboak. Jada beste lanbide bat dutenak. Kooperatibaren parte izateko haien eskuetan dauden lurrak eskainiko dituzte.
Partaide aktiboek, Kooperatibak bizi-kalitatearen arloan eskaintzen dituen onuretaz gain, soldata bat jasoko lukete egiten duten lanaren truke. Pasiboek, aldiz, Kooperatibak ematen dituen abantailetaz soilik baliatuko da. Haien ekonomia beste lanbideen menpe egongo da.
B.-Bizi-kalitatea
Haren parte diren udalerri, herrixka, auzo desberdinen egunerokotasunean aldaketa onuragarriak eragitea du helburu Kooperatibak. Auzo desberdinak inguruko nodo nagusiekin lotzeko bidea ematen duen garraio publikoa martxan jartzen da; baita atez ateko zerbitzua ere (zabor bilketa, janari banaketa, gasolina, medikua...). Auzokideen arteko elkarharremana sustatu nahi da, inguruko herrixka eta udalerri nagusiekiko lotura indartu.
C.-Ondarea eta baliabide kultural eta naturalak
Haien aktibazio prozesuari ekin nahi zaio. Ondare kulturala (baserria, bertako bizimodua) eta naturala (paisaia, baratzak...) berreskuratu eta bultzatu. Turismoa neurri batean handitzeko bidea ere eman nahi da. Auzoen inguruko ibilbide didaktikoek edota bertako produktuen salmentek, egiteko horretan lagunduko lukete. Tokiko ekonomiak eta bizi kalitatean landutako arloak, hirugarren atal honetan proposatutakoa betetzen lagunduko lukete.
1.LEKUTZE PROZESUA
Eskuhartzearen oinarriak aurreko lerroetan azaldutakoaren haria jarraitzen du. Proposamena, maila desberdinetan antolatzen da. Lehenik, auzo osoaren berregituraketa bat plazaratzen da, espazio publikoaren antolaketa bereziki ikertuz. Ostean, bi eraikinentzako proposamena xehatzen da, etorkizunean, inguruko beste eraikuntzetan aplikatzeko bidea emanez.
A.-Ajuria auzoko ordenazioa. Espazio publikoa.
Asmo nagusia, herritarren arteko harreman estua bultzatzea da. Elkarlana, elkarbizitza, kolektiboa. Ajuriako kale nagusiaren bizitasuna lortu nahi da. Hura erdiesteko abiapuntua, baserri bakoitzaren atarien berreskurapenean datza. Atez ateko zerbitzuak autoen erabilpena mugatu eta, ondorioz, atariko espazioaren hustutzea eragingo luke. Elkarbizitza bermatzeko, ezinbestekoa ikusten dugu kalea eta atariek bat egitea. Kolektibo osoaren parte izango den espazio jarrai bakarra osatu, bertan ekintza guztiak bilduz: aisialdiko ekintza oro, auzoaren ekonomiaren oinarri diren behien ibilbidea, bigarren mailako lanbideak edo bestelako zaletasunak (baratza, hileroko azokak...), turismoa... Irudian duzuen auzoaren berregituraketak idatzitakoa lortzea du helburu. Eraikinak berregituratu, azalera lortu, erabilerak bildu, baratza kolektiboak osatu...
Ajuriako espazio publikoaren atondurari dagokionez, kale nagusiak hartzen du protagonismo nagusia. Ubide edo kanal batek igarotzen du bere luzera osoa, euri urak bildu, eta behi edo baratzetan erabiltzeko bidea emanez. Kale nagusiaren ardatza azpimarratzeko estrategiaren parte ere bada. Haren inguruan, lurzoruak trataera berezia du. Auzoko lurzoru osoa hormigoiez estalia dagoen bitartean, kanalaren inguruan egur-xaflak eratzen dira. Espazio esanguratsuenetan trama luzatu eta kale altzariak lortzeko aukera ematen digu: eserlekuak, merkatua ospatzeko mahaiak, atariak bizitasuna berreskuratzeko egoteko lekuak... Argiztapena traza jarrai horren barne txertatzeko erabakia ere hartu dugu. Eraberritu beharreko baserrietatik lortutako materiala erabili dugu nagusiki kale nagusiaren atonduran: kanalaren inguruko egur xaflak, baserriko zurezko egitura zaharraren parte dira; kanalaren oinarria, teila arabiar zaharrak erabiliz osatu da; eserlekuak ere zur zaharrez eraturikoak dira... Modu honetan, helburuak, eraikuntza prozesua logiko, sinple, merke eta azkar baten bidez lortzen dira.
B.-Baserriaren birgaitzea. Ikasle etxea.
Asmoa, berritu beharreko beste eraikinentzako baliagarria izan daitekeen sistema sortzea da. Baita urtean zehar bertako bizilagunen kopuruan emango diren aldaketak xurgatzeko gai den mekanismoa asmatzea ere.
Eraikinaren egungo egoera kaxkarra da oso. Bertako berme elementuetaz baliatzea ezinezkoa da. Horretaz gain, tipologia berdineko baserri asko bezala, leiho eta irekiune oso gutxi ditu, guztiak fatxada nagusian biltzen direlarik. Beraz, ideia, inguratzailea osatu, eta barruan bizitokia sortzea da. Bizitokiak ez du behe oin guztia hartuko. Eranskina lantegiarekin lotu, eta tresneria eta makinaria gordetzeko biltegi moduan planteatzen da. Gainontzeko espazio libreak ere nahiko erabilera publikoa izango luke. Eranskinaren inguruan lan-mundura bideratutako biltegiak azalduko zaizkigu; beste aldean, hegoaldera bideratuta, egoteko lekuek hartzen dute protagonismo osoa.
Bizitokiaren kanpoko espazio honetan zirkulaziorako eskilara eta pasabideak azaltzen zaizkigu. Ingurua antolatu eta bizitokia eta kanpokaldea lotzeko giltza dira.
Barnealdeari dagokionez, bi maila nagusi desberdindu ditugu. Behe oinak erabilera kolektiboak bilduko lituzke: jangela, sukaldea, egongela. Kanpora bideratzeko aukera ere izango zuten. Goiko solairuan, aldiz, espazio pribatu (logelak) eta publikoak (egongelak) uztartuko lirateke. Goikaldeko oina antolatzeko orduan, urtean zehar jasan ditzakeen aldaketak kontuan hartzen ahalegindu gara. Urteko sasoi jakin batzuetan 8 ikasle hartzeko gai izango da. Gainontzekoan, aldiz, 4 ikasle besterik ez ditu bilduko. Beraz, gure helburu nagusia, eraikinak aldaketa horiek xurgatzeko gai izatea da.
Proiektu honetako beste gakoetako bat barneko kaxaren aireztapena eta argiztapena lortzea izan da. Luzernarioak osatzeko erabaki hartu dugu. Haien agerpenaa oztopo moduan ikusi ordez, haietaz baliatu eta oin-antolaketan influentzia izateko aukera eman diegu.
Inguratzailea osatzeko egitura erantsi bat gehitu diogu. Baserriko kargahormak mantendu eta estalki egitura bat osatu dugu. Egurrezko trama osatu eta txapazko akabera eman. Halere, barneko argiztapena lortzeko zenbait franja metakrilatoz estali behar izan ditugu. Bizitokiko estalkia erabilgarria izateko, kanpoko azaleko estalki-egitura atal desberdinetan banatu eta linealtasuna apurtu dugu. Estalki egitura eta kargahormaren arteko topaguneaaz ere baliatu gara, argiztapen eta aireztapen minimo bat bermatuz.
C.-Ekipamendu berria. Erabilera anitzen pilaketa.
Ekipamendu berri honen helburu nagusia, herritarrek eskura ez dituzten tresnak eskaintzea da. Erabilera bakar bat bildu ordez, multzo berean ekintza desberdinak elkartzeko bidea hartu dugu. Lehen lana, horien izaera aztertu eta eraikin batean pilatzeko modua ikertzea izan da. Informatika gela txikia, informazio-turismo bulegoa, bizikleta alokairua, tailerrak egiteko espazioa, aparkalekuak, bilerak ospatzeko lekua, merkatua egiteko espazio osagarria... Horiek izan dira honako eraikinean bildu ditugun ekintzak. Gehiengoen aldi baterako izaera ikusita, eraikinaren malgutasuna ezinbestekoa ikusi dugu. Honenbestez, egituraketa honetan datza: erabilera finkoa duten ekintzak alde batean biltzen dira (informazio-kudeaketa bulegoa, komun minimoa eta informatika gela) eta bestean, gainontzeko funtzioak bete ahal izateko altzarientzako biltegiak. Horien kanpokaldean, aparkaleku finkoa eta bizikleta biltegi komuna. Tarteko gunean, aldi baterako ekintza horiek ospatzeko espazio librea eratzen da. Gune hori, nahi den moduan kudeatzeko askatasuna bermatzeko, tabike deslizagarrien bidezko sistema planteatzen da. Eraikineko estalkia ere bizigarri bilakatzen da.
Eraikina ixteko baserrian erabilitako sistema berdina erabiltzen da, honakoa beste edozein lekutan aplikatzeko baliagarria dela agerian utziaz. Egurrezko egitura arin bat osatzen da, estaldura txapazko xafla mehez osatuz. Zenbait tarte metakrilatoz estaltzen dira, argiztapena bermatuz. Baserrian bezalaxe, argiztapen eta aireztapena bermatzeko luzernarioak eratzen dira, eraikineko estalkiko espazioa antolatzeko bidea emanez.
Honenbestez, garatutako proposamenetan egituraketa berdina planteatzen da, etorkizunean beste zenbait eraikuntzetan erabiltzeko bidea irekiaz. Soluzio eraginkorra dugu: sistema erraza, merkea, eta izaera desberdineko espazioak sortzeko aukera ematen dituena.
domingo, 22 de mayo de 2011
Suscribirse a:
Entradas (Atom)