lunes, 20 de diciembre de 2010

AURRE EMATEA. BASERRIRA BIDEAN.








>Baserriaren berpiztera bideratutako kooperatiba osatzen dugu, zentrua Muruetan izango duena. Baserriko bizimodua erakusteaz gain, hura berreraikitzeko artezpideak ematen dira. Bizitza autosufizientea sustatu, baserria gaur egunera ekarriaz.

>Multzo oso bat izan behar du Muruetan eraikiko dena. Inguruko baldintzei aurre egiteko gai dena, egoera desberdinetara egokitzeko, kokapenera hurbiltzeko, gaitasuna duena. Multzo malgu bat azken batean.

>Orubea eraikigarri egiteko egurrezko tabloiez osatutako plataforma osatzen dut, lurzorutik altxatuz, babestuz. Edukiontziak ere plataformatik aldentzen dira, berme metalikoak era berean lurzorura eramanez.

>Proiektua bere osotasunean biltzeko, baratzak eta materialen ekoizpenerako azalerak antolatzen dute eremua. Horren inguruko ibilbidea osatzen da. Muruetan egiten den lan hori erakustea da asmoa. Erabilera desberdinak nahastu baratza eta materialen ekoizpena gidalerro izanik. Gunea bildu.

>ISO edukiontzi tradizionaletatik abiatutako LOT-EK arkitektoen MDU eredua hartu dut oinarri moduan, horren interpretazio bat eginez. Bertatik irtendako gelaxkek erabilera desberdinak bildu eta orubera egokitzeko aukera ematen didate. Malgutasuna azken batean.

domingo, 12 de diciembre de 2010

2. BIO-ERAIKUNTZA MURUETAN. EGITURAKETA.


Behin abiapuntua ezarrita, proiektuaren norabidea finkatzen hasteko unea da. Programaren interpretazio sakonagoa egin, lekuaren faktore desberdinak aztertu, malgutasunaren kontzeptua landu.

Haseran, orain arteko informazioa bildu eta programaren barneko funtzio desberdinen arteko erlazioak ezartzen ahalegindu naiz. Egitarau zabala da, anitza, izaera oso desberdineko nukleoez osatutakoa. Batzuk erabat itxiak, besteak publikoak. Badira inguruarekin erlazioa beharrezkoa dutenak; baita gainontzekoekin behin-behineko lotura nabarmenik ez dutenak ere. Lehen lana, horiek bilatzea izan da, gerora proiektuaren antolaketan baliagarria izan daitezkeen erlazio diagramak sortzea. Honek ere proiektu osoaren lehen irudia bat ematen lagundu dit. Argi dago, programa anitza izan arren, nukleo guztien arteko erlazioa ezartzea ezinbestekoa dela, sortuko dugun kooperatibaren zentrua izango dena, proiektu bakar baten moduan ulertzeko, barne funtzionamendua errazteko. Lekuarekiko hurbilketan helburu horretarako bidea aurki dezaket.




Proiektuak aldi baterako epea badu ere, ezinbestekoa da inguruan eragina duten faktoreetaz ohartzea. Bertan eraikitzeko, lekura egokitzeko, baldintza egokienak bildu behar ditut. Inguruko eragileen artean, bada menperatu beharreko bat: ura, edo zehatzago, azalera horren drenaia. Ramon Ayerzak emandako eskolan hura azpimarratu zuen. Orubearen ezaugarriak ezagututa, ezinbestekoa da lurzoruaren drenaia bermatzea proiektua aurrera eramateko. Drenaia sistema sostengagarrien inguruko informazioa biltzen ahalegindu naiz, eta badira beste bide batzuk sistema tradizionaletatik at. Helburua, ura iparralderuntz eramatea litzateke. Orubean zeharreko ubideetan biltzea soluzio bat litzateke, ibaiarekin konexioa iparraldeko aldean eginez. Ur hori baratzen erabilererarako biltzeko aukera aztertu beharko litzateke. Halere, ur gaziaren barneko kanaletararako sarrera ekidin beharko genuke, honek ez baitu lursaila ureztatzeko balio. Ubide horiek proiektuko zenbait nukleo hornitzeaz gain, eremua antolatzeko tresna bat ere izan daiteke.



Halere, malgutasunaren inguruko hausnarketa izan da nire egiteko nagusia. Kontzeptuaren esanahia argitu, interpretatu, proiektu honetan izan dezakeen aplikazio maila aztertu, eredu desberdinak topatu.

Malgutasunak, erabiltzaile ezberdinetarako egokitzapenean lagundu dezake. Bidea honakoa izan daiteke: azpiegitura finkoa, egitura iraunkor eta aldagarria, aldatzeko erraztasuna duen estaldura eta barne tabikeria mugikorra. Honela inguruarekin erlazionatzeko gaitasuna duen arkitektura lortzen da, erabilera eta erabiltzailean aldaketa garrantzitsuak onartzen dituena. Hori da zehazki, nire proiektuan bilatu beharrekoa. Izaera aldatzeko aukera ematen duen arkitektura, atzeragarria, programaren barneko aldaketak jasateko gai dena. Aldagarria eta aldaerraza, erabilera desberdinak biltzeko gai. Inguruarekin erlazioa ezartzeko gauza izan behar da.






Azken adibide honek ezaugarri horiek biltzen ditu. LOT-EK enpresak, garraiorako ISO edukiontzi tradizionala arkitekturara eramaten du. Modulu prefabrikatuak dira, lekura eramatean gelaxkak kanpora atera eta erdigunea libre uzten dutenak. Programako funtzioen arteko konbinaketa ezberdinak bilatzen hasi naiz; baita beste adibideetako mekanismoek izan dezaketen aplikazioa neurtzen ere.




Helburua, ahalik eta eraikin malguena lortzea da, programaren eskakizunak bete eta inguru desberdinetara egokitzeko gaitasuna izateko.

sábado, 11 de diciembre de 2010

1. BIO-ERAIKUNTZA MURUETAN. INKESTA.

Blogerako azken sarreran aipatu bezala, programaren finkatze prozesuan, baserriaren inguruko galdeketa egin genuen. Helburua, proposamenak izango lukeen harrera neurtzea zen. Egiazko proiektua izan zitekeen edo ez jakitea. Inkestako emaitza eta ondorioak baliagarriak izango dira proiektuaren programa eta egituraketa prozesuan. Kurtsoko azken ariketarako ere informazio interesgarria izan daiteke.

Honakoak dira inkestako emaitza nagusiak:

1. Erosotasuna, ekonmia eta lana dira, jendearen ustez, baserritik herrirako bidea egiteko arrazoi nagusiak.

2. Baserrira bizitzeko arrazoi nagusiak lasaitasuna eta naturarekiko erlazioa dira. Beste askok aldiz ez dute inolako argudiorik topatzen.

3. Galdeketa egindakoen %46a baserrira bizitzera joatea begi onez ikusiko lukete. Beste %54ak, aldiz, ez. Emaitza parekatuak beraz.

4. Baserriak egungo bizimodura egokizteko hiriko baliabideak, irisgarritasun egokia, teknologia berriak eta hiriarekiko gertutasuna beharko luke.

5. Baserria hitz bakarrarekin identifikatzerakoan kontzeptu asko agertu dira, baina badira behin eta berriro errepikatu direnak: lana, natura, lasaitasuna eta tradizioa.



sábado, 4 de diciembre de 2010

1. BIO-ERAIKUNTZA MURUETAN. OINARRIA.

Beste ezer egiten hasi aurretik, proiektu honen euskarriak definitu ditugu. Hasierako asmoen artean bertako kultura, tradizioa berreskuratzea azaldu zaigu; hura egungo material, teknika, egoera, aurrerakuntzekin uztartu. Honako proposamena zehaztu, afinatzeko beharra sentitu dugu. Orduan azaldu zaigu baserriaren irudia. Hura dugu gure kultura horren adierazle. Aztertu, berreskuratu, berreraiki, gaur egungo erabileretara egokitu, sustatu. Gure lana norabide horretan bideratu dugu.

Baserriaren berpizte prozesua da gure proiektua sortzeko arrazoia. Planteamendu orokorraren sintesia honakoa litzateke:

A.- Hautaketa. Baserria, gure kulturaren adierazle nagusietarikoa.

B.- Baserriaren inguruko ezagutza zabaldu. Eraikuntza (materialak), bertako bizimodua.

C.- Inguruko baserriak aurkitu. Horien egoera aztertu, eraberritu.

D.- Kooperatibaren sorrera. XXI. mendera ekarri baserria. Bizitza autosufizienterako, bizirauteko aukera berri bat plazaratzen dugu. Inguruko baserri guztiek halako kate bat osatuko lukete. Kooperatiba horrek Muruetako teileriaren orubean izango luke zentrua. Bertan, baserriaren inguruko ezagutzak zabaltzeaz gain, kooperatiba horren funtzionamendurako gestioak emango lirateke. Honakoa hasiera beterik ez litzateke izango. Hau da, nukleo nagusia Muruetan egon arren, gerora, inguruko beste zenbait guneetara zabaltzeko aukera izango genuke, material zehatzen inguruko espezializazioa aurrera eramateko...

Planteamenduaren garapen prozesuan, jendearen iritzia jakin nahi izan dugu, proposamenak izango lukeen harrera maila neurtzeko. Proiektuaren egituratze prozesuan baliagarriak izango direlakoan, inkesta horien emaitzak bildu eta aztertu ditugu.

Behin planteamendu orokorraren oinarriak ezarrita, kooperatibaren zentruaren programa finkatu dugu. Honako alderdiak landuko lirateke bertan:

1.- BASERRIA. NOLA ERAIKI?
Zer? Teknikak, materialak…eraikuntza azken batean. Gaur egungo gizarte ereduetarako egokitzapena ere landuko litzateke.
Non? Teoria gelak, tailerrak (praktikarako tailerrak, materialen ekoizpenerako tailerrak).

2.- BASERRIA. NOLA BIZI?
Zer? Baserriko produkzioa aurrera eramateko baliabideak. Autosufizientzia.
Non? Teoria gelak, baratzak (estalita, estali gabe), inbernaderoak.

3.- KULTURA / PROPAGANDA.
Zer? Kooperatiba sustatu, ezagutarazi, zabaldu.
Non? Erakusketa aretoak, hitzaldiak emateko guneak, azoka, jatetxea… tren geltokia (irisgarritasuna).

4.- BILTEGIAK.
Zer? Materiala, lanabesak, produktuak gordetzeko espazioak.
Non? Gordetzen denaren araberako izaera eta baldintza desberdinetako biltegiak.

5.- GESTIOA.
Zer? Kooperatiba eta honen inguruko ekintzak aurrera
Non? Bulegoak (irakasleak, bulegoak, garraioa, harrera, ekonomia, mantenimendua…).

6.- ELEMENTUEN GARRAIOA. TRENA / URETAN ZEHAR.

7.- ZERBITZU AMANKOMUNAK.

Honako planteamendua, kultura, balore tradizionalak berreskuratzeaz gain, egungo egoerarako irtenbide serio bat dela uste dugu. Baserriari beste buelta eman nahi zaio, gaur egungo erabilera, egitura, egoera, bizimoduetara egokitu.



Asmo guzti hauek paperean irudikatzen hasteko garaia iritsi zaigu.

domingo, 21 de noviembre de 2010

0. BIO-ERAIKUNTZA.

ZER?
Inguruan inpaktu, eragin baxua duten material eta teknikak erabiliz osaturiko eraikuntza sistema da bio-eraikuntza. Ingurugiroa errespetatu, oreka hausten ez duena. Helburua lortzeko, material birziklatuak erabili ohi dira, lehengaiak, lehen-mailako materialak, lekuak berezkoak dituenak. Prozesu erraz eta merke baten bitartez lorturiko eraikuntza sostengagarria da. Proiektu honetan, organismo bat sortuko dugu, denbora baten ostean hil eta deskonposatu egingo dena.

Ingurua + sostengagarritasuna + lehengaiak + berrerabilketa

NOLA?
Zein da ezaugarri horiek guztiak eraikin batean biltzeko bidea? Interesgarria da eraikuntza tradizionaletara jotzea. Lagungarri egingo zaigu teknika eta material horien portaera aztertzea. Egungo eraikuntzetan, aldiz, inguruarekiko kaltegarriak diren zenbait elementu aurkituko ditugu; hala nola, hainbat astun (zink-a eta kromoa esaterako), petroleotik eratorritako berniz eta pinturak, edota hornidura sareetan erabili ohi den PVC-a. Hauetako askok osagai toxikoak biltzen dituzte beren baitan.

Honenbestez, zeintzuk dira bio-eraikuntza bat osatzeko material egokiak? Prozesu osoa, atal guztiak egiteko adina material daude; egitura elementuetatik, akaberako paramentuetaraino.

A.-Egitura.

1.-Harria.
Material tradizionala, eskari-maila handikoa. Bizitza handia du eta mantenimenduari dagokionez egokia da. Isolatzaile akustiko eta termiko ona ere bada. Kontran, eraikuntza prozesu mantsoa du eta beste batzuren aldean kostu handiagoa du.

2.-Lurzorutik eratorriak.
2.1-Adobea.
Buztina, harea eta beste zenbait gehigarriz osatua. Lan egiteko egokia da, baita hura lortzeko erraza ere. Honetaz gain, isolatzaile termiko egokia da.
2.2-Tapial.
Egurrezko molde baten laguntzaz, kolpaketa bidez konpaktatutako lurra. Honela, bio-eraikuntzaren egitura izango diren hormak sortzen ditugu. Isolatzaile termiko egokia da, baita bildu eta lan egiteko erraza ere.

3.-Lasto sortak.
Estatu Batuetan eta Kanadan erabili ohi da gehienbat. Oso isolatzaile termiko eta akustiko ona da, baita ekologikoki egokia ere. Kontran urarekiko eta zenbait intsektuen erasoekiko babestu beharra dago. Eraikitzeko juntak morteroz egin ohi dira.

4.-Adreilu/bloke zeramikoak.
Inguruan ezaguna den materiala dugu. Alboko teileria adreilu zeramikoz josita dago. Eraikuntzan, lanerako oso ohikoa dugu.

5.-Egurra.
Eraikuntza tradizionalean maiz erabilitakoa, modu egokian funtzionatzen duena. Beste batzuk baino arinagoa. Egur trinkoa erabili daiteke; baita egur panelak ere. Bio-eraikuntza osoa egurrez egiteko aukera izango genuke.

6.-Hormigoi zelularra.
Lehengai naturalekin soilik eratua, ura, harea, zementu eta airez osatuta. Horma, trenkada, dintel edota forjatuak osatzeko aukera izango genuke. Honetaz gain, isolatzaile termiko oso egokia da. Ez da beste isolatzaile gehigarriren beharra izaten.

B.-Isolamendua.

Erabiliena kortxoa da. Kondukibitate termiko txikiko materiala, arina. Isolamendu akustiko eta termikoa eskaintzen digu. Zelulosa, landare-zuntzak edota buztin hedatua ere erabili daitezke.

C.-Paramentu eta morteroak.

Kare mortero eta igeltsu naturalak dira erabilienak. Kare morteroak plastizitate handia emango digu.

D.-Akaberak.

Pintura eta berniz naturalak erabili behar dira, transpiragarriak, gas toxikoak igortzen ez dituztenak. Pintura sintetikoak, beraz, ez dira erabili behar. Merkatuan aurki ditzazkegu. Honen adibide dugu, esaterako, silikato eta kare pintura.

E.-Arotzeria.

Egurra da aukerarik egokiena. Eraikineko azaleko atal guztiak egiteko aukera ematen digu egurrak.

F.-Instalazio sarea.

1.-Ur-hoditeria. Dentsitate altuko polietilenoa eta polibutilenoa.
2.-Zorrotenak. Polietilenoa, Polipropilenoa, zeramika, burdinurtua, altzairu galbanizatua.

G.-Pabimentuak.

Morteroa, egurra edota buztin egosia erabili dezakegu.

Material guztiek amankomuneko ezaugarri batzuk biltzen dituzte. Erauzketa prozesua egokia da, inguruaren oreka hausten ez duena. Ingurutik gertu daude, eta naturalak izateaz gain, birziklagarriak ere badira. Kokapenak gainera, oinarrizko baldintza batzuk bete beharko ditu. Eguzkiarekiko orientazioa zaindu beharreko aspektua da, baita lurzoruaren ezaugarriak ere. Gainera, bio-eraikuntzak eremu elektriko eta elektromagnetikoak ekidin beharko ditu.

Gure eremuan material hauetako asko topatu ahal izango ditugu. Proiektuaren helburu eta asmoen araberakoa izango da azken hautaketa.

Hasierako lana honakoa da. Bio-eraikuntzaren inguruko ikerketa, materialak zein eraikuntza teknikak, eta inguruarekiko lehen hurbilketa. Analisi horietatik proiektuaren abiapuntua sortuko dugu.





lunes, 8 de noviembre de 2010

Lehen ematea I: A-1




Lehen proiektuari bukaera emateko unea iritsi da. Lamina honetan proiektuaren funtsa definitzen duten irudiak txertatzen ahalegindu gara. Ondorengo lerroetan azken emaitzaren zergaitia azaltzen ahaleginduko gara, jarraitutako ibilbidea labur adierazten:

0 BALDINTZEN INTERPRETAZIOA.
Hasierako azterketa lanen ostean, proiektuaren abiapuntu gisa asmo nagusiak finkatzea erabaki dugu. Batetik, programak beregan hartzen dituen funtzio aniztasunak. Inguruko elementuak josteko nahia bestetik; goitik beherako bidea, paseotik hondartzarako lotura eraikitzeko asmoa azken batean.

1 IDEIEN GAUZATZEA. IBILBIDEA.
Funtzio aniztasunak eta inguruko elementuak lotu nahiak, proiektua ibilbide gisa ulertzera eraman gaitu. Gertaera desberdinak biltzen dituen bidea. Funtzio ezberdinak lotzeko gailua. Paseotik hondartzara igarotzeko tresna. Izaera irekia duen proiektua, eskuragarria.

2 PROIEKTUAN ISLADA. PASEOAREN ASTINTZEA.
Nola ekin bide horri? Nola isladatu ideia horiek proiektuan? Paseoa nolabait astintzen, hausten, bertan aurrera eta atzera eginez. Paseoaren muga moldatuz, funtzio desberdinak txertatzeko txokoak sortu ditzazkegu, baita euren artean loturak ezartzeko bideak aurkitu ere. Paseoa hondartzara bideratzeko tresna izan daiteke. Proiektuari izaera emango dion irudia lortzeko aukera.

3 PROIEKTUAREN BIDERATZEA.
Hautatutako soluzioa urruneko ikuspegiari heltzeko bidea ere bada. Aurrean dugun hare-muinoa ikusita, proiektua beste aldera bideratu dugu, ikuspegia aberatsagoa izan dadin. Halere, paseoaren sartu-irten horiek helburu zehatz batekin irudikatu behar dira, buruan asmo bat izanik betiere. Eskuhartzeak, bestalde, aparkalekuen luzera osoa hartzen du, paseoaren astintze-lana erdibidean ez gelditzearren.

4 PROGRAMAREN FINKATZEA. BANAKETA MAILAKATUA.
Hurrengo pausoa programaren erlazio diagrama horiek paperera eramatea da. Funtzio horiek bi multzo nagusietan banatu ditugu. Horietako batean hondartzarekin lotura zuzena dutenak, eta  kale-izaerarekin bat datozenak bestean. Bi oinen banaketa prozesuak aldiberean egin ditugu, horien arteko erlazioak ezartzea ezinbestekoa kontsideratzen baitugu.

-Hondartza maila, -1: Hondartzara zuzendutako korridore ireki batek lotzen ditu behekaldeko, igerilekuarekin erlazionatutako, funtzio guztiak. Izaera itxiko (komunak, aldagelak, biltegiak) zein izaera irekiko (alokairu eta harrera zerbitzuak, soroslearen postua) osagaiak tartekatzen dira, bidearen helmuga igerilekua izanik. Altzariek erakusten dute plataforman zehar jarraitu beharreko bidea, baita proiektuaren gune desberdinak lotzeko bidea eman ere. Igerilekua proiektu osoaren helmuga litzateke. Bere presentzia anekdotikoa ez izateko, infinitora bideratu ditugu piszinako maila ezberdinak banatzen dituzten hormak.

-Kale maila, 0: Zerrenda jarrai batek osatzen du kale mailako eskuhartzea. Funtzio ezberdinak lotzen ditu. Tarteka eten egiten da, behekaldeko espazioarekin erlazionatzeko. Helburua, izaera desberdineko guneak sortzea da, bestelako sentsazioak biltzea horietako bakoitzean. Erdigunean bi gune nagusi desberdindu ditugu. Batetik, informazio zentruak eta geltokiak eratutakoa, eta bestetik tabernak, terrazak eta jatetxeak osatutakoa. Tartean begiraleku zein egoteko guneak tartekatzen dira, baita urari keinuak egiten dizkioten elementuak ere. Paseoaren bukaeraetara iristean zerrenda desagertzen hasten da.

Goikalde eta behekaldeko plataformek, zoruek, ez dute euren artean bat egiten. Bakoitzak bere bidea jarraitzen du. Erlazio bisualek eta iluminazio kontuek zehazten dute sartu-irten horien kokalekua. Ondorengo pausoa bi maila horien arteko erlazioa estutzea da.

5 EBAKETAREN LANKETA.
Aurretik ezarritako  eskailera eta harmailek eginbide horretan laguntzen digute; halere, ez dugu aski horrekin. Multzo baten modura ulertu behar da proiektua. Eraikinaren sekzioak osatu, izaera desberdineko funtzioak banatzeko soluzioak bilatu, goiko mailako estalkien jokoa jarraitu, sentsazio ezberdineko guneak sortu… espazioa aberastu azken batean.

Egindako esperimentazio prozesuak zenbait soluzio eman dizkigu hori lortzeko:
-Goiko zerrenda zenbait momentutan behera egiten du, behe mailako distribuzioan eragina izanik. Adibiderik garbiena, goitik beherako eskaileretan izango genuke. Begiraleku eta tabernaren hormak beheraino jaisten dira, bi mailen arteko lotura sendotuz.
-Zenbait begiralekuk behera egiten dute, harmailak eratu eta goitik beherako bidea eskuragarriagoa bihurtuz.
-Goiko zerrendako zenbait elementu itsasora iristeko nahia adierazten dute, igerilekua goiko plataforman integratuz modu honetan.
                       
6 IDEIA ESKALA GUZTIETARA ERAMAN. MEKANISMO BATEN SORRERA.
Ariketa hau aurrera eramateko, haserako helburu eta asmoak proiektuan irudikatzeko, mekanismo bat sortu dugu. Espazioa erabat definitzeko, hura, eskala guztietara eramatea erabaki dugu. Hau da, espazioa antolatzen duten altzariek ere zerrenda bat osatzen dute, goiko mailako estalki jarraiak eta ebaketa orokorraren antzera. Honela multzo bakar batean mahaiak, aulkiak edota armairuak bildu dezakegu. Horien konbinaketak kanpo eta barne espazioa banatzeko soluzioa eman dizkigu. Horiek ere eraikinaren parte dira.

Eraikina eta aparkalekuaren arteko tartea ere modu honetan antolatu dugu. Elementu begetal jarrai batek zeharkatzen du paseo guztia. Atzealdeko mendiaren arrastoa litzateke, aparkalekua eraikinetik banatzen duen begetazioa integratzeko giltza.

Lehen ematea I: Sukaldea


Ezinezkoa egin zaigu laburpen laminan modu garbi eta antolatuan plano guztiak sartzea. Sarrera honetan hori konpontzen ahaleginduko gara.

Hasierako egoera. Gaur egungo itxura.
 Proiektua definitzeko plantak eta bertako distribuzioak
 Eraikuntza soluzioak. Egoera zailen ebazpena.

Lehen ematea I: Maketa birtuala

Lanerako maketaz gain, hiru dimentsioko maketa birtuala egiteko aukera hartu dugu. Helburua irudi zehatzago bat lortzea, materialtasunak duen garrantzia nabarmentzea...baita gune bakoitzean sentsazioak adieraztea ere...


Argazki bakoitza ahalik eta modu sinpleenean definitzen ahalegindu gara:

 Aniztasuna
 Elkarrizketa
 Jarraitasuna
 Bateratasuna
 Ideiaren isla
 Errepikapena eskala ezberdinetan
 Eskuragarria
 Ideia azken limitera
 Uraren presentzia
 Mailakatzea
 Garapen infinitua
 Uretara begira
 Fatxadaren inpaktoa
 Enmarkatzea
 Ura bereganatu
 Gardentasuna
 Soiltasuna
 Barrutik kanpora, kanpotik barrura.

Lehen ematea I: Lanerako maketa

Proiektuaren berezitasunak direla eta, proiektatze prozesuan plantan irudikatutakoa hiru dimentsiotan ikusteko beharra sentitzen dugu. Hura da lanerako maketa honen helburua. Proiektuaren izaera orokorra ulertu eta bertatik abiatuz, bi mailen arteko lotura osatzea.

Proiektuak jarraitutako bidea islatzen ere saiatu gara, egungo egoeratik azken emaitzara. Material berdina erabili dugu, estalkien formek eta hauek sortutako argi itzalek garrantzia har dezaten.