Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketari amaiera emango zaio gaurko egunean. Paisaia ideia gisa izenburu duen horretan, ingurua, paisaiaren ikuspegi desberdin bat azaltzen zaigu. Bertan eginiko eskuhartzeak erakusten dizkigute lan hauek. Land Art edo Earthwork deritzon mugimenduaren parte diren autore desberdinen lanak daude ikusgai. Obra guztiek amankomuneko ezaugarri bat dute. Paisaia da artelan ororen bitartekoa, bidea; baita hura gauzatzeko lekua ere. Kasu hauetan, lurra, natura, ez da materialak lortzeko baliabide hutsa. Artelanaren oinarri da. Hura manipulatuz, eraldatuz, izaera desberdineko artelanak sortzen dira. Eta hau dena, ohikoa den erakusketa espazioaren mugetatik at gertatzen da.
Guzti honen eredu nagusietako bat Robert Smithson estatubatuarra dugu. Artista eragingarri honen lana izan da nire azterketa lanaren helburu nagusia. Bere earthwork nagusiena Spiral Jetty da, aurretik ezagutzen nuen obra monumentala. Utahko Laku Gazian, arrokaz osatutako espiral formako pasabide moduko bat eraikitzen du, gizakiaren ibilbidea uretan zehar luzatuz. Artelan hau naturaren mende dago, urak desagertarazi eta berriz ere agertarazi baitu. Beste lanetan iraunkortasuna ziurtatuta dago. Kasu honetan, aldiz, naturak agintzen du. Bera da obraren jaun eta jabe.
Bere lana filmatu egiten du Smithsonek. Espiralean zeharreko korrikaldi horiek bere bizipenen berri ematen digute. Esperimentatzen ari da Smithson. Paisaian, irudi berri bat sortzen. Gure adimenean, paisaiaren irudi berri bat sortzen.