lunes, 7 de marzo de 2011

03. HARROBIA PIZTU. AKTIBATU. laburpen panela





Goikaldean, ariketaren laburpen panela dugu. Ondorengo lerroetan, hitzen bidezko sintesia:

>Helburua. Honako proiektuaren asmoa egungo gabezia nagusiari irtenbidea bilatzea da, harrobian zeharreko mugikortasuna bermatzea. Honetaz gain, proiektuari beste funtzio piztaile bat eransten zaio; Andrabideko harrobia aktibatuko duen eragilea. Beste zenbait harrobietan museoa azaltzen zaigu aktibatzaile moduan. Kasu honetan museoa eraikin bilakatu ordez, harrobiak berak hartzen du beregan funtzio hori. Hau da, aire libreko museoa planteatzen da. Harriak duen potentzial plastikoa agerikoa da; baita artista desberdinen lana eta harrobiko irudien arteko antzekotasunak ere. Modu honetan, Ereñoko harrobiari, zentzua berreskuratzeko aukera eskaintzen zaio.

>Programa. Proiektuak eguneroko bizitza ahalbidetuko duten elementuez gain, zenbait unetan emango den jende pilaketa ahalbidetuko duten gailuak hartuko ditu beregain. Beraz, nolabaiteko malgutasuna izango duen elementu finko bat.

>Estrategia. Finkoa den elementua eta malgutasuna eskainiko dioten gailuak, gorputz bakar batean biltzeko erabakia hartzen dut. Hau da eguneroko bizimodua eta une puntualetako pilaketa elementu bakar batean bilduko dira. Proiektu transformagarri batera abiatzen naiz, lehen aipaturiko tarte horietan "mutazio" prozesu bat jasango duena.

>Egituraketa. Gorputza diseinatu aurretik, hark beregain hartuko dituen edukiak definitu behar dira. Mugikortasuna bermatzeaz gain, oinarrizko zenbait egoerei aurre egiteko gai izan behar da, halanola eguraldiaren gorabeherak. Gainera, ibilbidean zehar, hura aberasten duten beste zenbait "input" erantsi dizkiot proiektuari. Aukera desberdinak eskaini, hamaika egoera bildu eraikuntza bakar batean.

>Lekutzea. Proiektua gai izan behar da bertako orografiari aurre egiteko. Ardatz nagusian zeharreko elementua irudikatzen da, bertako horma nagusia aktibatzeko gai dena. Honen ezaugarrien arabera, harekiko erlazioa modu batean edo bestean emango da. Plataforma nagusia eta erdibideko zuloari aurpegia ematen dioten horma lauak, egokiak dira artisten lana plazaratzeko. Baita ekitaldiak biltzeko ere. Bertan beraz, ezartzen dira plataforma mugikorrak. Harrobira edo ikuslegora hurbiltzeko aukera ematen dutenak. Erdibidean, hormaren maklak direla eta, harrobia eta proiektuaren arteko sinbiosia bilatzen da. Honek egoera desberdinak biltzeko aukera emango digu. Bestalde, inguruko plataformak proiektuaren osagarri bilakatzen dira.

>Eraikuntza. Proiektuak egoera guzti horiek gorputz bakar batean biltzeko aukera eman behar du. Egurrezko egitura sinple batetik abiatzen naiz. Dimentsio desberdinetako hiru modulu eratzen dira, eraikuntza prozesua azkartu eta halako malgutasun minimo bat eskainiz. Zutabeek mugatuko dituzte modulu horiek. Haien arteko espazioan habexka nagusiak ezarriko dira. Horien kokapenean egongo da arrakastaren gakoa. Habexken arteko tarte minimo horiek, oholtzak altuera desberdinetan ezartzeko aukera emango digu. Modu honetan, egungo plataformen arteko maila aldaketei aurre egingo diegu. Honetaz gain, habexka horiek aurretik definitutako egoera desberdin guztiak elementu jarrai bakar batean biltzeko gaitasuna eskainiko digute.



>Sintesia. Egoera desberdinak biltzeko gai den proiektu transfomagarri honek bi erabiltzaile mota izango ditu. Batetik, erabiltzaile soila, harrobian zeharreko mugikortasuna bakarrik bilatuko duena; bestetik, erabiltzaile totala, aktiboa, proposatutako eraikuntza sistemari esker esperientzia, egoera desberdin guzti horiek bizitzeko aukera izango duena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario