Madrilen izan gara “Tailerra: Proiektuaren eraikuntza II” hautazko irakasgaian antolatutako bidaian. Martxan zeuden zenbait obra bisitatzeaz gain, hiriko eraikin esanguratsuenak ere ezagutu ditugu. Aurretik bertan egona nintzen arren, ez nuen Caixa Forum-eko eraikina errotik ezagutzen. Txangoa egin aurretik interes gehien piztu zidan eraikina; baita bisitatu ostean gehien asetu ninduena ere.
Aurretik zentral elektriko baten funtzioak betetzen zituen. Eraikin zaharreko bizkarrezurra mantendu egiten da, muturretan aldaketak eraginez. Basaren desagerpenak grabitate ezaren sentsazioaren agerpena eragiten du, baita eraikin historiko ororen ordenazioaren ideia orokorrari buelta ematea ere. Azpian azaltzen zaizkigun multzo egituralak ez dira lehen begirada batean antzematen. Goikaldean, aldiz, elementu trinkoago bat eransten zaio. Korten altzairua dugu haren buru nagusia. Bukaera aldean, zulatutako xaflak erabiltzen dira, modu batean eraikinaren amaia, degradazio prozesua adierazten dutenak. Aurretik aipatutako gorputz nagusian, eraikinaren jatorrizko konposizioa mantendu egiten da, bertan zenbait aldaera proposatzen badira ere. Aldez aurreko hutsarteak, antzineko adreilu eta trabatze teknika berberaz estali egiten dira, horman zehar zulo berriak proposatuz. Betiere oso modu kontrolatuan, hormaren egiteko nagusiari kalte egin gabe. Barneko espazioari dagokionez, azalera handitu egiten da, funtzio, testura, ezaugarri, izaera desberdineko hamaika gune eratuz.
Lekutzearen inguruko ohar batzuk plazaratzea interesgarria iruditzen zait. Prado pasealekuan zeharreko ibilbidearen geldiuneetako bat dugu, haren inguruan eratutako eraikin esanguratsuen sarearen beste ertzetako bat. Bestalde, aurrean duen eraikinaren ertzeko horman, pareta begetal bertikal bat eransten da. Ura eta elikagarri nagusi batzuk besterik ez ditu behar bizirauteko. Bisitariaren arreta eraikin berriaren fatxada nagusira bideratzea du helburu. Bere asmoa modu egokian betetzen duela esan dezakegu: horma itzel horren itxura ahuldu eta protagonismo osoa Caixa Forumen esku utzi. Halere, horma begetalak eraikin barnean duen eragina aztertu beharko litzateke. Aurreko plazak eta honen inguruko “altzariak” atari moduan funtzionatzen dute. Triangeluazio prozesu baten bidez konposatu egiten dira, eraikineko barne eta kanpoko beste hainbat elementu bezalaxe. Baliabide oso erabilia, beraz, proiektu osoan. Eskuhartzeak orokorrean, inguruaren arnastea eragiten duela esan dezakegu.
Esan beharra dago, legediak, aintzineko eraikina mantentzea derrigortzen zuela. Dudarik gabe, Herzog eta de Meuronek maisuki egiten dute egungo eskakizunak asetzeko eraikin historikoaren transformazioa. Aintzineko eta egungo elementu, konposizio eta materialen arteko uztarketa. Jarraitu beharreko obra.
No hay comentarios:
Publicar un comentario