Inguruaren azterketak alde batera utzi ditugu jada. Prozesuan zehar atzera egin beharko dugu zenbait momentutan, analisi horietara bueltatu, proiekturako baliagarriak izan daitezkeen datuen bila abiatu. Halere, ariketari ekiteko unea iritsi da. Beste ezer egiten hasi aurretik Andonik eta nik, proiektuaren asmo nagusiak finkatzea erabaki dugu. Zer da gure proiektuarekin lortu nahi duguna? Zein proiektu mota eraman nahi dugu aurrera? Galdera horien erantzunen bila abiatu gara proiektuaren haserako oinarriak ezartzeko asmoz.
1-Inguruaren aurka egin baino, berarekin bat egiten duen proiektua eraiki nahi dugu. Joera horizontala duen eraikina; bertikaltasuna, izaera deigarriak alde batera utzi.
2-Inguruak biltzen dituen elementuak josteko baliabide gisa ikusten dugu gure proiektua. Eraikina paseotik hondartzarako bidea litzateke. Bien arteko lotura, elkarrizketa.
3-Urruneko ikuspegiaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Nora begiratzen du eraikinak, nora bideratu nahi dugu. Hurrengo pausoetan kontuan hartu beharrekoa.
Lehen hausnarketak alde batera utzita, proposatutako programa aztertzea erabaki dugu. Proiektua abiatzeko tresna moduan, programako elementu desberdinen interpretazioa egin dugu, haserako erlazioak ezarriz. Honakoak lirateke, analisi horien eskema eta ondorio nagusiak:
1-Bi mailatan bereizitako proiektua. Batetik urarekin loturiko ekintzak eta bestetik kale mailan bete beharrekoak.
2-Terraza bi maila, bi izaera horiek lotzeko giltza.
3-Jatetxea eta tabernak sukaldea elkarbanatzeko aukera planteatu.
4-Jatetxea beste funtzioetatik bereizi, isolatu. Beste izaera bateko elementua.
5-Taberna eta terrazaren arteko lotura. Taberna hondartzara gerturatzeko bidea.
6-Igerilekura bideratutako programa.
Funtzio aniztasunak eta inguruko elementuak lotu nahiak, proiektua ibilbide gisa ulertzera eraman gaitu. Gertaera desberdinak ematen diren ibilbidea. Funtzio ezberdinak lotzeko gailua. Paseotik hondartzara igarotzeko tresna. Izaera irekia duen proiektua, eskuragarria.
Nola ekin bide horri? Paseoa nolabait astintzen, hausten, bertan aurrera eta atzera eginez. Paseoaren muga moldatuz, funtzio desberdinak txertatzeko txokoak sortu ditzazkegu, baita euren artean loturak ezartzeko bideak aurkitu ere. Paseoa hondartzara bideratzeko tresna izan daiteke. Proiektuari izaera emango dion irudia lortzeko aukera. Urruneko ikuspegiari heltzeko bidea ere bada. Aurrean dugun muinoa, oztopo bisuala ikusita, proiektua beste aldera bideratu dezakegu, ikuspegia aberatsago izan dadin. Halere, paseoaren sartu-irten horiek helburu zehatz batekin irudikatu behar dira, buruan asmo bat izanik betiere.
Horiek lirateke aurreko astean azaldutako lehen ideiak, proiektuari ekiteko lehen bideak. Hurrengo pausoak beste sarrera batean azalduko ditugu.