Astearteko eskolan agindutako laburpen laminaren harira, blogean orain arteko ideiak ordenatzea erabaki dugu. Aurreko sarreran esan bezala, funtzio aniztasunak eta inguruko elementuak josi nahiak, proiektua ibilbide baten modura ulertzera eraman gaitu. Bidearen ideia hori irudikatzeko, paseoa astintzeko erabakia hartu dugu. Helburua, funtzio desberdinak txertatzeko guneak sortu, euren arteko loturak bilatu, proiektuaren izadia adieraziko duen irudiaren bila abiatu.
Eskuhartzeak, aparkalekuen luzera osoa hartzen du. Honez gain, urruneko ikuspegi aberatsago baten bila, proiektuak, paseoaren mugaren norabidea aldatzen du. Aurreko hare-muinoak desbideraketa hori egitera behartzen gaitu.
Programaren interpretazioa egin eta erlazio-diagramak osatu ostean, behe- eta goi - mailako distribuzioen lehen trazak irudikatu ditugu. Bi prozesuak aldi berean eraman ditugu aurrera, euren arteko erlazioak berebiziko garrantzia baitu. Honakoa lan horien sintesia:
-Hondartza maila, -1: Hondartzara zuzendutako korridore ireki batek lotzen ditu behekaldeko, igerilekuarekin erlazionatutako, funtzio guztiak. Izaera itxiko (komunak, aldagelak) zein izaera irekiko (alokairu zerbitzuak) osagaiak tartekatzen dira, bidearen helmuga igerilekua izanik. Aldi berean, igerilekua behe- zein goi-mailan barneratzea, horiekin nahastea, dugu helburu.
-Kale maila, 0: Zerrenda jarrai batek osatzen du kale mailako eskuhartzea. Funtzio ezberdinak lotzen ditu. Tarteka eten egiten da, behekaldeko espazioarekin erlazionatzeko asmoz. Helburua, izaera desberdineko guneak sortzea da, bestelako sentsazioak biltzea horietako bakoitzean.
Goikalde eta behekaldeko plataformek, zoruek, ez dute euren artean bat egiten. Bakoitzak bere bidea jarraitzen du. Erlazio bisualek eta iluminazio kontuek zehaztuko dute sartu-irten horien kokalekua.
Bi mailen arteko erlazioa estutzea izango da hurrengo pausoetako helburu nagusia. Elementu artikulatzaile moduan funtzionatzen duten eskailera eta harmailek eginbide horretan laguntzen digute; halere, ez dugu aski horrekin. Multzo baten modura ulertu behar da proiektua. Gure lana, hori lortzeko baliabideak topatzea izango da.
Eten bat egin eta atzera bueltatzeko unea da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario